1970ko hamarkadan Ilargiaren geologiaren inguruko ezagutzak asko ugaldu ziren, misio tripulatu eta automatikoei esker. Hala ere, oraindik badira ezagutzen ez ditugun hainbat datu; datu horiek jakiteko, beharrezkoa litzateke Ilargian baseak ezartzea eta horien bitartez Ilargiaren lurrazalean azterketa geologikoak egitea. Ilargiarekiko dugun hurbiltasunarengatik, unibertsoko astrorik ezagunena edo informazio gehien duguna da, Lurraren ondoren, geologiaren ikuspegitik. Apollo misio tripulatuei esker, 382 kilogramo harri eta Ilargiko lurrazaleko hainbat arrasto ditugu. Material hori oso baliagarria izan da Ilargiaren sorrera eta beste astroena ikertzeko. Sobietar Batasunak Ilargira bidali zituen zundek ere Ilargiko lurrazaleko materiala ekarri zuten, baina kantitate txikian: Luna 16k, 101 gramo; Luna 20k, 55 gramo; eta Luna 24k, 170 gramo.